Zergatik dago desagertzeko arriskuan?
Euskal Artzain Txakurra (EAT) galtzeko arrisku bizian dagoen txakur arraza bat da. Nazio Batuen FAO erakundeak arraza bat galtzeko arriskuan dagoela dio arraza horretako 1000 ale baino gutxiago daudenean. Euskal Herriko bertako txakur arraza gehienak galtzeko arriskuan daude momentu honetan.
Urteak aurrera doazen heinean bistakoa da gero eta familia gehiagok dutela txakurra. Hau horrela bada ere, Euskal Artzain Txakurren populazioa urtez urte gutxiagotuz doa eta zergati nagusia txakur arraza bat aukeratzeko garaian bai artzainek eta bai kaleko jendeak kanpoko arrazekiko duten lehentasuna da.
Arrazaren egoera txarraren erantzule nagusiak diren arrazoiak galtzorian dauden txakur arraza guztietan errepikatzen dira
MODAK: Txakurren mundua ez dago hauetatik at, askotan pelikula eta anuntzioetatik sortzen dira.
LUZERA HANDIKO GARRAIOBIDEAK ESKURA IZATEA: Gaur egun munduko edozein tokitara bidaiatzeko dugun erraztasunak kanpoko txakur arrazak gurera ekartzea erraztu du. Kanpoko arraza hauek askotan bertakoekin gurutzatzen dira edo bertakoak guztiz baztertzen dituzte.
ETXEKOARI EZ ZAIO BALIORIK EMATEN: Kanpoko txakur arrazei beti balio gehiago ematen zaie hemen ez ditugulako edo ez direlako ohikoak izaten.
ZENBAT DAUDE?
Egia esanda ezinezkoa zaigu Euskal Artzain Txakurren kopurua zehaztea, ez baitago helburu jakin hau betetzen duen zentsu espezializaturik.
Geuk RSCEk-k (Espainiako Txakur Elkartea) eta REIAC-ek(Espainiako Etxabereen Identifikaziorako sarea) emandako datuak aztertu ditugu, azken sare hau erkidegoek kudeatzen dutelarik. Gaur egun, Eusko Jaularitzak bakarrik egiten ditu publiko REGIA izena duen bere erregistroko datu hauek, baina hala eta guztiz ere, bi erakunde hauen datuek ez digute egoeraren egiazko ikuspegirik ematen.
RSCE-ko datuek, epaile baten aurrean arraza erregistro bat lortzeko aurkeztu diren aleak bakarrik hartzen dituzte kontuan, baina Euskal Artzain Txakur jabe gehienak ez dute inoiz tramite hau egiten.
Lehen aipatu dugun moduan, REGIA-ek emandako datuak ere aztertu ditugu. Datu hauek albaitariak txakurrari mikrotxipa jartzean erregistrora bidaltzen dituenak dira.
Erregistro honetan itxura batean Euskal Artzain Txakurren kopurua nahiko altua da, baina esan beharra daukagu ez dela albaitarien eginbeharra arrazaren ezaugarri guztiak ezagutzea, ez eta ale konkretu baten guraso edo aiton-amonak zeintzuk izan ziren jakitea ere. Honek uzten digun ondorioa da ustez Euskal Artzain Txakurrak direla uste dugun ale asko gaizki sailkatuak izaten direla bere osasun liburuan, horietako asko Euskal Artzain Txakurren eta beste arraza batzuen arteko nahasketak direlarik.
Bi erregistro hauetako datuak aztertzean kontuan izan behar dugun beste faktore bat da txakur jabe askok ez dutela beraien txakurren heriotzen berri ematen. Gainera, esan beharra daukagu erregistro hauetan datuak ematerakoan ez dela Euskal Artzain Txakurrak dituen bi aldaeren arteko bereizketarik egiten, eta, beraz, honek ere beste arazo bat sortzen digu bi erregistro hauen datuak aztertzeko garaian.




