“EUSKAL ARTZAIN-TXAKURRA”
TXAKUR ARRAZAREN ARAUDI ZEHATZA
1.– Arrazaren eredu edo estandarra.
1.1.– Arrazaren definizioa.
Arau hauetan zehazturiko arraza-ereduarekin bat datozenak hartuko dira “euskal artzain-txakurra” txakur-arrazakotzat. “Euskal artzain-txakurra” Euskal Herriko berezko artzain-txakur arraza da.
1.2.– Arrazaren barietateak.
Bi barietate ditu: Gorbeiakoa eta iletsua.
1.2.1.– Gorbeiakoa barietatearen ezaugarri morfologikoak.
1.2.1.1.– Ezaugarri orokorrak.
Animalia eumetriko eta longilineoa da. Garapen handiko gorputz-enbor luzanga du. Kolore gorri bizia du, gorrizta deitzen zaiona, sarritan ilunagoa.
Ezaugarri garrantzitsuak: garaieraren eta luzeraren arteko erlazioa 1/1,1 ingurukoa da sexu bietan. Burezurra/aurpegia erlazioa 1/1 da.
1.2.1.2.– Ezaugarri zehatzak.
a) Burua:
Burezurrak soslai subkonbexua du. Ganga uniformea du aurrealde guztian, enborraren aldean arina. Piramide-itxurakoa da eta burezur-aurpegietako lerroek bat egiten dute. Sexu-dimorfismoa txikia da. Buruko ilea labur-laburra da. Hiru orin ageri ohi dira, bi ezpain-ertzetan eta hirugarrena barailaren azpian, erdialdean. Sarritan beste bi orin ageri dira aurpegian, lehenengo bien gainean, atzerago. Orinek ile beltzak dituzte, begi-ertzetako angeluetatik ia belarri-oinetaraino dauden gainerako ile ilunak baino luzeagoak.
Burezurra: Burezurra luzea eta zabala da. Garondoko irtengunea nabarmena da. Orbiten goialdeko arkuak pixka bat markatuak dira eta orbitak gutxi nabaritzen dira.
Aurpegia: Aurpegiaren gainaldeko soslaia zuzena da. Sarritan goragune leuna izaten du sudur-puntaren ondoan.
Sudurra zuzena da eta sudur-punta beltza da.
Muturra luzanga eta mehea da. Sarritan pigmentazioak edukitzen ditu.
Stopa leuna da.
Ezpainek ondo estaltzen dute beheko baraila, biguntasunik gabe.
Baraila –hortzak– sendoa eta osoa; ortognatoa.
Begiak ertainak dira, almendra-itxurakoak, gaztaina- eta anbar-kolorekoak. Kokaera ia frontala dute.
Belarriak ertainak dira, eroriak, baina batzuetan erdi-tolestuak onartzen dira. Atzean daude, begi-ertzaren lerro berean.
Lepoa luzera ertainekoa da eta kono-enborraren itxura du. Sendoa da, ez oso luzea.
b) Gorputz-enborra:
Saihets-hezurrak nahiko kakoak eta sakonak dira.
Soinkurutzea luzea da eta gutxi nabarmentzen da. Bizkarralde zuzen, luze eta garapen handikoan luzatzen da.
Sorbalda sendoa da, zeharkakoa, eta ertz markatuak ditu.
Gerrialdea zuzena da, ertaina, eta irmoa, baita mugitzen denean ere.
Zerra sendoa, luzea eta zabala da. Oso gihartsua. Angelua 15º eta 30º bitartekoa du.
Bularraldea zabalera ertainekoa da. Sakona, ukondorainokoa.
Sabelaldea barrurantz nabarmen bildua dago.
Buztanaren lotunea altuera ertainekoa da. Buztanak ile luzea du, eta belaunburua baino beherago jaisten da.
c) Gorputz-adarrak:
Aurrekoak:
Oro har, sendoak, iharrak eta jarrera onekoak dira.
Sorbaldak nabarmenak eta garapen handikoak dira.
Besoak luzeak eta sendoak dira; 45º-ko inklinazioa dute, eta besaurrearen antzeko luzera.
Ukondoak paraleloak dira eta gorputzari ondo atxikita daude. Bular-hezurraren parean edo gorago daude.
Besaurreek hezur-garapen handia dute.
Karpoek garapen eta indar handia dute.
Metakarpoak ondo proportzionatuak dira.
Oinak obalatuak dira. Kuxin gogor eta urragaitzak dituzte.
Atzekoak:
Oro har sendoak dira, erabat paraleloak aurretik begiratuta, eta angelu markatuak dituzte.
Izterrak luzeak eta sendoak dira; gihar nahiko argalak eta indartsuak dituzte; 45º-ko angelua egiten dute.
Belaunak guztiz garatuak dira, sendoak, nabariak, 120º inguruko angeluarekin.
Hankak sendoak dira. Gihar argalak eta oso tendoi nabarmenak dituzte.
Belaunburuak paraleloak eta sendoak dira.
Metatartsoak indartsuak dira, lurraren gainean bertikalak, eta luzera ertainekoak.
Oinak sendoak eta obalatuak dira. Ezproi bat edo bi eduki dezakete gorputz-adar bakoitzean, edo batere ez.
Mugimendua:
Berezko ibilera trosta da.
d) Azala:
Azala lodixea da, batere biguntasunik gabekoa. Gorputzari eta buruari estu atxikita dago.
e) Kolorea eta ilea:
Kolorea gorri bizia da, hainbat tonalitaterekin (gorrizta), eta horia edo hori-gorria.
Ilajea luze samarra da, leuna. Ilea lisoa eta laburra da. Aurpegian ilea leuna eta oso laburra da.
Gorputz-adarren atzeko aldean ere bai, eta bertan mototsak osatzen ditu.
f) Neurriak:
Soinkurutzeko altuera: 47 – 61 cm bitartekoa arretan eta 46 – 59 cm bitartekoa emeetan.
g) Pisua:
18 – 36 kg bitartekoa arretan eta 17 – 29 kg bitartekoa emeetan.
1.2.1.3.– Izaera eta portaera.
Artzaintzarako berezko sena dute. Ausartak, lagunkoiak eta orekatuak dira.