Estandar Grafiko Alderatua:
GORBEIAKOA eta ILETSUA
"EUSKAL ARTZAIN-TXAKURRA” txakur arrazaren araudi zahatza
AGINDUA, 2003ko abenduaren 9koa, Eusko Jaurlaritza, Nekazaritza eta Arrantza sailburuarena
EZAUGARRI OROKORRAK
GORBEIAKOA
Gorbeiakoa
Animalia eumetriko eta longilineoa da.
Garapen handiko gorputz-enbor luzanga du.
Kolore gorri bizia du, gorrizta deitzen zaiona, sarritan ilunagoa.
Ezaugarri garrantzitsuak:
Garaieraren eta luzeraren arteko erlazioa 1/1,1 ingurukoa da sexu bietan.
Burezurra/aurpegia erlazioa 1/1 da.
ILETSUA
Iletsua
Animalia eumetrikoa da, longilineoa. Gorputz-enbor sendoa eta errektangularra du, trostariari dagozkion angeluekin.
Ilajea berezia du, Gorbeiakoak baino gogorragoa, horia, hori-gorria edo kanela-kolorekoa.
Ezaugarri garrantzitsuak:
Garaieraren eta luzeraren arteko erlazioa 1/1,2 ingurukoa da sexu bietan.
Burezurraren eta aurpegiaren arteko erlazioa 5/4 da.
EZAUGARRI ZEHATZAK
Burua "Gorbeiakoa"
Burezurrak soslai subkonbexua du.
Ganga uniformea du aurrealde guztian, enborraren aldean arina.
Piramide-itxurakoa da eta burezur-aurpegietako lerroek bat egiten dute.
Sexu-dimorfismoa txikia da.
Buruko ilea labur-laburra da.
Hiru orin ageri ohi dira, bi ezpain-ertzetan eta hirugarrena barailaren azpian, erdialdean. Sarritan beste bi orin ageri dira aurpegian, lehenengo bien gainean, atzerago. Orinek ile beltzak dituzte. Orinak

Burua "Iletsua"
Burezur-aurpegien lerroak dibergenteak dira eta burezurraren soslaia subkonbexua da.
Burua luzanga da, piramide-enborraren itxurakoa, eta arina, gorputz-enborraren tamainarekin alderatuta.
Buruko ilea gorputzekoa baino laburragoa da eta ez ditu begiak estaltzen.
Sexu-dimorfismoa txikia da.
Aurpegiko Eskualdea I "Gorbeiakoa"
Aurpegiaren gainaldeko soslaia zuzena da. Sarritan goragune leuna izaten du sudur-puntaren ondoan.
Sudurra zuzena da eta sudur-punta beltza da.
Muturra luzanga eta mehea da. Sarritan pigmentazioak edukitzen ditu. Stopa leuna da.
Ezpainek ondo estaltzen dute beheko baraila, biguntasunik gabe.
Baraila –hortzak– sendoa eta osoa; ortognatoa.
Begiak ertainak dira, almendra-itxurakoak, gaztaina- eta anbar-kolorekoak. Kokaera ia frontala dute.
Aurpegiko Eskualdea I "Iletsua"
Aurpegiaren gainaldeko soslaia zuzena da, edo pixka bat subkonbexua mutur aldean.
Sudurra zuzena da, ez oso irekia. Sudur-punta beti da beltza.
Muturra fina da. Gainaldeko soslaia zuzena du, edo pixka bat subkonbexua punta aldean. Kanela-kolorekoa, gorputzaren gainerako atalak baino biziagoa, edo bestela beltza. Ile laburra du. Stopa garbi nabari da baina ez da markatuegia.
Ezpainak irmo eta estuak dira, ez bigun eta lasaiak. Ondo estaltzen dute beheko baraila. Ezpain-ertza ez da markatua. Pigmentazioa beltza da.
Baraila –hortzak– sendoa eta osoa; ortognatoa. Artaziek bezala egiten dute hozka.
Begiak ertainak dira, obalatuak. Betazalak beltzak dira eta irisa gaztaina- edo anbar-kolorekoa. Begien jarrera ia frontala da.
Aurpegiko Eskualdea II "Iletsua"
Belarriak berez begi-ertzaren luzapen-lerroaren gainetik egon ohi dira. Ertainak dira. Triangelu-itxura dute, eta zenbaitetan goiko herena atzerantz tolestuta dute.
Lepoa laburxea da, zilindrikoa, eta ondo garatutako giharrak ditu. Buruarekin bat egiten du etenune nabarmenik gabe, eta enborrarekiko lotunea zabalagoa du.
Gorputz-enborra "Gorbeiakoa"
Saihets-hezurrak nahiko kakoak eta sakonak dira.
Soinkurutzea luzea da eta gutxi nabarmentzen da. Bizkarralde zuzen, luze eta garapen handikoan luzatzen da.
Sorbalda sendoa da, zeharkakoa, eta ertz markatuak ditu.
Gerrialdea zuzena da, ertaina, eta irmoa, baita mugitzen denean ere.
Zerra sendoa, luzea eta zabala da. Oso gihartsua. Angelua 15º eta 30º bitartekoa du.
Bularraldea zabalera ertainekoa da. Sakona, ukondorainokoa.
Sabelaldea barrurantz nabarmen bildua dago.
Buztanaren lotunea altuera ertainekoa da. Buztanak ile luzea du, eta belaunburua baino beherago jaisten da.
Neurriak:
Soinkurutzeko altuera:
47 – 61 cm bitartekoa arretan.
46 – 59 cm bitartekoa emeetan.
Pisua:
18 – 36 kg bitartekoa arretan.
17 – 29 kg bitartekoa emeetan.
Gorputz-enborra "Iletsua"
Saihets-hezurrak kakoak dira eta sakonera ertainekoak.
Soinkurutzea nabaria da, luzea, baina ez oso markatua, eta bizkarralde zabalean du jarraipena. Bizkarraldea luzera ertainekoa da, zuzena eta oso sendoa.
Sorbaldako hezurra apur bat inklinatua da; etenune nabarmenik gabe egiten du bat saihets-hezurrekin. Sorbaldako giharrak garapen handikoak dira.
Gerrialdea zuzena da, eta irmoa, baita mugitzen denean ere. Bizkarraldearekin parekatuta laburra da, eta gihar sendoak ditu.
Zerra luzea eta zabala da. Luzera eta zabalera antzekoak ditu.
Bularraldea nahiko zabala da, aukeran sakona.
Sabelaldea barrurantz apur bat bildua dago.
Buztanak altuera ertainean edo gorago du lotunea, eta belaunburuaren pareraino jaisten da. Mugikortasun handia du. Luzea da, eta geldi dagoenean ukondoduna. Hiru jarrera har ditzake: Atsedenean: behean; Adi: bandera-itxuran; Jardunean: igitai-itxuran.
Neurriak:
Soinkurutzeko altuera:
47 – 63 cm bitartekoa arretan.
46 – 58 cm bitartekoa emeetan.
Pisua:
18 – 33 kg bitartekoa arretan.
17 – 30 kg bitartekoa emeetan.
Aurreko gorputz-adarrak "Gorbeiakoa"
Oro har, sendoak, iharrak eta jarrera onekoak dira.
Sorbaldak nabarmenak eta garapen handikoak dira.
Besoak luzeak eta sendoak dira; 45º-ko inklinazioa dute, eta besaurrearen antzeko luzera.
Ukondoak paraleloak dira eta gorputzari ondo atxikita daude. Bular-hezurraren parean edo gorago daude.
Besaurreek hezur-garapen handia dute.
Karpoek garapen eta indar handia dute.
Metakarpoak ondo proportzionatuak dira.
Oinak obalatuak dira. Kuxin gogor eta urragaitzak dituzte.
Aurreko Gorputz-adarrak "Iletsua"
Oro har, jarrera onekoak, iharrak eta sendoak dira. Tendoi oso garatuak eta markatuak dituzte. Aurreko aldean ile laburra dute eta atzeko aldean ile-mototsak.
Sorbaldak ez dira oso nabariak. Garapen egokia dute.
Besoak sendoak dira, ez oso luzeak.
Ukondoak paraleloak dira eta gorputzari ondo atxikita daude. Bular-hezurraren lerroaren parean daude.
Besaurreak oso indartsuak dira, bertikalak eta besoak baino luzetxoagoak.
Karpoak garapen handikoak dira.
Metakarpoak laburrak, sendoak eta jarrera onekoak dira.
Oinak obalatuak dira. Kuxin gogor eta urragaitzak dituzte.
Atzeko gorputz-adarrak "Gorbeiakoa"
Oro har sendoak dira, erabat paraleloak aurretik begiratuta, eta angelu markatuak dituzte.
Izterrak luzeak eta sendoak dira; gihar nahiko argalak eta indartsuak dituzte; 45º-ko angelua egiten dute.
Belaunak guztiz garatuak dira, sendoak, nabariak, 120º inguruko angeluarekin.
Hankak sendoak dira. Gihar argalak eta oso tendoi nabarmenak dituzte.
Belaunburuak paraleloak eta sendoak dira.
Metatartsoak indartsuak dira, lurraren gainean bertikalak, eta luzera ertainekoak.
Oinak sendoak eta obalatuak dira.
Ezproi bat edo bi eduki dezakete gorputz-adar bakoitzean, edo batere ez.
Mugimendua berezko ibilera trosta da.
Atzeko Gorputz-adarrak "Iletsua"
Oro har, oso sendoak dira, paraleloak atzetik begiratuta, eta animaliari indarrez abiada emateko gai. Angelu ertainak dituzte.
Izterrak oso sendoak dira, ondo garatutako giharrak dituzte, eta nahiko luzeak dira.
Belaunak markatuak dira baina ez gehiegi. 115º eta 120º bitarteko angelua dute.
Hankak sendoak eta gihartsuak dira. Gihar-planoak zuzenak edo apur bat konbexuak dituzte.
Belaunburuak beheratuta daude baina ez gehiegi. Iharrak dira. Belaunburuaren punta nabaria da.
Metatartsoak laburrak, sendoak eta bertikalak dira.
Oinak obalatuak dira.
Ezproi bat edo bi dute gorputz-adar bakoitzean, edo batere ez.
Mugimendua berezko ibilera trosta du. Arina da.