GENEALOGIA LIBURUA

“Euskal artzain-txakurra” txakur-arrazaren Genealogia Liburua jarraian ageri diren erregistroetan egituratuko da:

a) Fundazio Erregistroa (FE)

Beheko baldintzak betetzen dituzten txakur ar eta emeak jasoko dira Fundazio Erregistroan:

– Arrazarako zehaztu diren ezaugarri etnikoak edukitzea.

– Arren kasuan, gutxienez hamalau hilabete izatea, eta emeen kasuan, bi urte.

– Arrazaren ereduaren arabera, gutxienez 60 puntu lortzea emeen kasuan, eta arren kasuan, 65 puntu.

– Erregistro honetan inskribatzeko, 3 urteko epea onartuko da emeentzat, eta urtebetekoa arrentzat, beti ere arrazari buruzko araudi hau ofizialki onetsiz geroztik.

b) Jaiotzen Erregistroa (JE)

Fundazio Erregistroan edo Behin betiko Erregistroan inskribatutako animalien umeak sartuko dira erregistro honetan, arrak zein emeak direlarik, baldin eta eskakizun hauek betetzen badira:

– Arrazaren berezko ezaugarriak edukitzea.

– Tara edo akatsik ez izatea.

– Emeen ugalketaren kontrola edukitzea.

– Erregistro honetan inskribatzeko eskabidea aurkeztea, txakurkumeari titia kendu baino lehen.

c) Behin betiko Erregistroa (BE)

Behin adin batera ezkero (hiru urte, emeak badira, eta hogeita hamar hilabete, arrak badira), Jaiotza Erregistroko animaliak Behin betiko Erregistroan inskribatu ahal izango dira, 60 eta 65 puntuko kalifikazio morfologikoa gaindituz gero (60koa emeek, 65ekoa arrek).

Ugalkortasun edo emankortasun gutxiko ezaugarri hereditarioak edota umetarako ezaugarri txarrak antzemanez gero, umetarako animalia guztiei (arrak zein emeak) eta haien ondorengoei baja eman behar zaie erregistro honetan.

Genealogia Liburuko inskripzioak animalien jatorriagatik edo animalien ezaugarriengatik (hau da, abiaburu gisa) egin daitezke. Bigarren aukera hori Fundazio Erregistroan inskriba daitezkeen animaliei dagokie.

Jatorriagatik inskribatzen diren animaliei dagokienez, jatorriagatik edo ezaugarriengatik inskribatutako “euskal artzain-txakurra” arrazako txakur emeengandik jaiotzen diren animaliak berez inskribatuko dira, baldin eta txakur eme horiek izaera bereko arrek estaliak badira, eta aldez aurretik estaldura eta jaiotza aitortzen badira.

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 5.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, dekretu horren arabera ofizialki onartuak diren sustapen erakundeei baimena eman ahal izango zaie, Nekazaritza eta Landa Garapeneko sailburuordearen ebazpenaren bitartez, genealogia liburuak kudeatzeko, ebazpenean bertan adierazten den eran.

ANIMALIEN ONARPENA ETA KALIFIKAZIOA

Abenduaren 26ko 373/2001 Dekretuaren 6.4 artikuluan eta azken xedapenetariko bigarrenean ezarritakoaren arabera, Genealogia Liburuaren Batzordeak eginkizun hauek izango ditu, besteak beste:

a) Arraza katalogatuaren Genealogia Liburuan animaliak inskribatzeko eskabideak aztertzea, araudi zehatz honetan ezarritakoa betetzen dela egiaztatzeko.

b) Animaliak kalifikatzea. Batzordeak bere eginkizun hori pertsona eskudunei eman ahalko die, beti ere berak gainbegiraturik.

c) Kalifikatutako animaliak onar daitezela erabakitzea, bidezkoa bada.

d) Genealogia agiriak ematea; eginkizun hori onarpen ofiziala duten erakundeen esku utzi ahalko du.

e) Genealogia Liburuaren funtzionamenduari jaramon egitea eta gorabeherak konpontzea.

 
 
Gorbeiakoaren estandarra Iletsuaren estandarra Sailkapen morfologikoa