Proiektuak

1. PROIEKTUA

Azterketa genetikoa


Genetikaren eta ADN-aren sekuentziazioaren arloan emandako aurrerapenek orain gutxi arte pentsaezinak ziren ikerketak egiteko aukera zabaldu dute

2018-ko Azaroaren 20an, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta EATAdiskideak Elkartearen arteko lankidetza hitzarmena sinatu zen, arrazaren egoerari buruzko informazioa emango digun ikerketa genetikoa egiteko.

Asko dira Euskal Artzain Txakurraren inguruan ditugun galderak, jatorria, antzinatasuna… azterketa honek arrazaren inguruko ikerketan eta jakintzan pausu bat gehiago izan nahi du. Gaur arte arrazari buruz dauden ADN ikerlan bakarrak Mariano Gomezek 1998. Urtean argitaratutako "Amplificación y secuenciación de fragmentos de ADN mitocondrial en varias razas caninas", y "Variabilidad de células sanguíneas mediante lectinas fluorescentes en la raza canina Euskal Artzain Txakurra dira.



Nahi al duzu zeure Euskal Artzain Txakurrak ikerketan parte hartzea?

Arrazaren ikerketan erabiliko diren laginak ahalik eta ale kopuru handienarenak izango dira, bi aldaeretakoak eta Euskal Herriaren txoko guztietakoak.

Proiektuaren finantzaketa EAT Adiskideak-en eta proiektu honetan lagundu nahi duten erakunde guztien ardura izango da.
Ikerketan parte hartzeak ez die partehartzaileei inongo gastu ekonomikorik eragingo.

Bere Euskal Artzain Txakurrarekin ikerketan parte hartu nahi dutenek EAT Adiskideak-ekin harremanetan jartzea besterik ez dute egin behar eta odol laginak noiz eta non atera ditzaketen esango zaie.

Partehartzaileen datuak legeak esaten dituen baldintza guztiak betez bilduko dira eta datuak zertarako erabiliko diren eta zein eskubide dituzten idatziz jakinaraziko zaie.

Bere txakurrekin ikerketan parte hartzen duten pertsonei, behin laginak aztertutakoan, alde batetik, bere Euskal Artzain Txakurraren lagin genetikoa duen ziurtagiria helaraziko zaie dohainik, eta, bestetik, lehentasuna izango dute ikerketaren aurrerapenen nondik norakoak jasotzerako garaian.

2. PROIEKTUA

Artzainei gerturatzea


Artzain batzuk nahiago izan dituzte kanpoko arrazak Euskal Artzain Txakurraren kaltetan

Euskal Artzain Txakurrak artzantzarako duen aparteko abilezia erakutsi nahi dugu hobekien ezagutzen dutenen esperientziak jasoz.

Eguneroko lanean artzainek Euskal Artzain Txakurrei antzemandako portaerak bildu nahi ditugu.
Artzainek, Euskal Artzain Txakurrekin orografia eta egoera ezberdinetan artaldeak gidatzerakoan izandako bizipenak jakin nahi ditugu, egoera jakin batean Euskal Artzain Txakurren eta gainerako arrazen arteko jokabidearen arteko ezberdintasunak aztertu nahi baititugu.


3. PROIEKTUA

Euskal Artzain Txakurra ezagutaraztea


Euskal Artzain Txakurra jende askok ezagutzen ez duen arraza bat da.

Arrazaren gaitasun eta ezaugarriak ezagutzera eman nahi ditugu

Urte guztian zehar nekazal eta ganadu azoka askotan parte hartzen dugu. Azoka hauek leku paregabea dira gure Euskal Artzain Txakurrak erakusteko eta arrazaren ezaugarrien eta egoeraren inguruko informazioa nahi duen jendea ezagutzeko. Ohikoa izaten da jendeak Euskal Artzain Txakurrekin izandako oroitzapenak kontatzea eta gure lana ikusitakoan gure proiektua aurrera eramateko beraien laguntza eskaintzea. Aleen errejistroaren, hazleen, etabarren inguruan egiten dizkiguten galderei ere erantzuten diegu.


2017 - 2018ko ekintzak

19

egon garen azoka kopurua

10

parte hartze kopurua erakusketan eta beste ekintza batzuetan