1.2.2.– Barietate iletsuaren ezaugarri morfologikoak.

1.2.2.1.– Ezaugarri orokorrak.

Animalia eumetrikoa da, longilineoa. Gorputz-enbor sendoa eta errektangularra du, trostariari dagozkion angeluekin. Ilajea berezia du, Gorbeiakoak baino gogorragoa, horia, hori-gorria edo kanela-kolorekoa.
Ezaugarri garrantzitsuak: garaieraren eta luzeraren arteko erlazioa 1/1,2 ingurukoa da sexu bietan. Burezurraren eta aurpegiaren arteko erlazioa 5/4 da.

1.2.2.2.– Ezaugarri zehatzak.

a) Burua:
Burezur-aurpegien lerroak dibergenteak dira eta burezurraren soslaia subkonbexua da. Burua luzanga da, piramide-enborraren itxurakoa, eta arina, gorputz-enborraren tamainarekin alderatuta. Buruko ilea gorputzekoa baino laburragoa da eta ez ditu begiak estaltzen. Sexu-dimorfismoa txikia da.
Burezurra: Oso luzea, gutxi gora-behera errektangularra. Garondoko irtengunea markatuxea da. Goragune leuna dago burezurraren erdialdean. Orbiten goialdeko arkuak markatuak dira, eta orbitak lausoak.
Aurpegia: Aurpegiaren gainaldeko soslaia zuzena da, edo pixka bat subkonbexua mutur aldean.
Sudurra zuzena da, ez oso irekia. Sudur-punta beti da beltza.
Muturra fina da. Gainaldeko soslaia zuzena du, edo pixka bat subkonbexua punta aldean. Kanela-kolorekoa, gorputzaren gainerako atalak baino biziagoa, edo bestela beltza. Ile laburra du.
Stopa garbi nabari da baina ez da markatuegia.
Ezpainak irmo eta estuak dira, ez bigun eta lasaiak. Ondo estaltzen dute beheko baraila. Ezpain-ertza ez da markatua. Pigmentazioa beltza da.
Baraila –hortzak– sendoa eta osoa; ortognatoa. Artaziek bezala egiten dute hozka.
Begiak ertainak dira, obalatuak. Betazalak beltzak dira eta irisa gaztaina- edo anbar-kolorekoa. Begien jarrera ia frontala da.
Belarriak berez begi-ertzaren luzapen-lerroaren gainetik egon ohi dira. Ertainak dira. Triangelu-itxura dute, eta zenbaitetan goiko herena atzerantz tolestuta dute.
Lepoa laburxea da, zilindrikoa, eta ondo garatutako giharrak ditu. Buruarekin bat egiten du etenune nabarmenik gabe, eta enborrarekiko lotunea zabalagoa du.

b) Gorputz-enborra:
Saihets-hezurrak kakoak dira eta sakonera ertainekoak.
Soinkurutzea nabaria da, luzea, baina ez oso markatua, eta bizkarralde zabalean du jarraipena. Bizkarraldea luzera ertainekoa da, zuzena eta oso sendoa.
Sorbaldako hezurra apur bat inklinatua da; etenune nabarmenik gabe egiten du bat saihets-hezurrekin. Sorbaldako giharrak garapen handikoak dira.
Gerrialdea zuzena da, eta irmoa, baita mugitzen denean ere. Bizkarraldearekin parekatuta laburra da, eta gihar sendoak ditu.
Zerra luzea eta zabala da. Luzera eta zabalera antzekoak ditu.
Bularraldea nahiko zabala da, aukeran sakona.
Sabelaldea barrurantz apur bat bildua dago.
Buztanak altuera ertainean edo gorago du lotunea, eta belaunburuaren pareraino jaisten da. Mugikortasun handia du. Luzea da, eta geldi dagoenean ukondoduna. Hiru jarrera har ditzake:
– Atsedenean: behean.
– Adi: bandera-itxuran.
– Jardunean: igitai-itxuran.

c) Gorputz-adarrak:
Aurrekoak:
Oro har, jarrera onekoak, iharrak eta sendoak dira. Tendoi oso garatuak eta markatuak dituzte. Aurreko aldean ile laburra dute eta atzeko aldean ile-mototsak.
Sorbaldak ez dira oso nabariak. Garapen egokia dute.
Besoak sendoak dira, ez oso luzeak.
Ukondoak paraleloak dira eta gorputzari ondo atxikita daude. Bular-hezurraren lerroaren parean daude.
Besaurreak oso indartsuak dira, bertikalak eta besoak baino luzetxoagoak.
Karpoak garapen handikoak dira.
Metakarpoak laburrak, sendoak eta jarrera onekoak dira.
Oinak obalatuak dira. Kuxin gogor eta urragaitzak dituzte.
Atzekoak:
Oro har, oso sendoak dira, paraleloak atzetik begiratuta, eta animaliari indarrez abiada emateko gai. Angelu ertainak dituzte.
Izterrak oso sendoak dira, ondo garatutako giharrak dituzte, eta nahiko luzeak dira.
Belaunak markatuak dira baina ez gehiegi. 115º eta 120º bitarteko angelua dute.
Hankak sendoak eta gihartsuak dira. Gihar-planoak zuzenak edo apur bat konbexuak dituzte.
Belaunburuak beheratuta daude baina ez gehiegi. Iharrak dira. Belaunburuaren punta nabaria da.
Metatartsoak laburrak, sendoak eta bertikalak dira.
Oinak obalatuak dira. Ezproi bat edo bi dute gorputz-adar bakoitzean, edo batere ez.
Mugimendua:
Berezko ibilera trosta du. Arina da.

d) Azala:
Azala lodixea da, gihar-planoei eta hezur-erreliebei atxikia.
e) Kolorea eta ilea:
Kolore horia edo hori-gorria eta kanela-kolorea.
Ilea luze samarra da, latza, zapazto itxurakoa. Aurpegian eta gorputz-adarren atzealdean laburragoa da.

f) Neurriak:
Soinkurutzeko altuera: 47 – 63 cm arretan eta 46 – 58 cm emeetan.

g) Pisua:
18 – 33 kg bitartekoa arretan eta 17 – 30 kg bitartekoa emeetan.

1.2.2.3. Izaera eta portaera.

Jabearekin lotura estua egin eta erabateko fideltasuna dion txakurra izan ohi da. Bere lurraldea zaintzeko sen nabarmena du.

 
 
Gorbeiakoaren estandarra Sailkapen morfologikoa Genealogia liburua